Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Robert Treviñok kontzertu-denboraldia ireki dute

'Bariazioak haizean’ programa Webernen Passacagliarekin hasiko da, Lazkanoren Hilarriakekin jarraituko du eta Sibeliusen 2. Sinfoniarekin amaituko.
Denboraldiko lehen kontzertu-programa egun hauetan izango da: ostegunean, irailak 27, 20:00etan, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; ostiralean, irailak 28, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehenean, urriak 1, Gasteizko Principal Antzokian; eta asteartean eta asteazkenean, urriak 2 eta 3, Donostiako Kursaal Auditoriumean.
Robert Treviñok Denboraldia Anton Webernen Passacagliarekin ireki nahi izan du. Pieza honek ‘bariazioak’ kontzeptuari erreferentzia argia egiten dio, eta kontzeptu hori da, hain zuzen, 2018/2019 Denboraldiaren izendatzaile komuna. 1908an estreinatu zen Webernen obra garrantzitsu honek edozein kalejiraren eskema klasikoa jarraitzen du: behin eta berriz errepikatzen den doinu baxu bat, haren gainean eraikitzen den musika-sorkaria etengabeko bariazio bihurtzen den bitartean.
Austriako konpositoreari Ramon Lazkanoren Hilarriak obrak jarraituko dio. Milurteko berriko euskal musikaren ezinbesteko lanetako bat da, erritmoaren eta orkestraren kemenaren ospakizun handi bat. Treviño beraren hitzetan, “musika-pieza paregabea da, nabarmen koloretsua eta oso oso intentsoa”. Lan hau donostiar musikagilearen trantsizioko aldi bati dagokio; izan ere, urte luzeak musika-lengoaiaren eraikuntza oinarri jakin batzuetan bermatzen eman ondoren, milurteko berria heltzearekin batera, Lazkanok oinarriok eraistea erabaki baitzuen. Lazkano presente egon da Orkestraren entseguetan, Treviñoren ondoan, obraren sortzaile gisa duen ikuspuntu baliotsuaren ekarpena egiten.
Programa Jean Sibeliusen 2. Sinfoniari eskainitako bigarren zatiarekin amaituko da. Obra honek konpositore finlandiarra heroi nazional gisa kontsakratu zuen, 1902an estreinatu zenean finlandiar nazionalismoak luze gabe hartu baitzuen eredu eta ikurtzat, Finlandia bere independentziarantz pauso irmoak ematen ari zen aldian. Finlandian ikasketak egin ostean, sinfonia hau Treviñoren gogokoenetako batean bilakatu da.
Sarrerak salgai (10€tik 35€ra)
Dagoeneko salgai daude Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrerak, 10 eurotik 35era, ohiko salmenta-kanalen bitartez: euskadikoorkestra.eus webgunean, aretoen webguneetan (euskalduna.eus, kursaal.eus, principalantzokia.org eta baluarte.com) webguneak eta aretoen leihatiletan. Bestalde, Azken ordu gaztearekin, 30 urtetik beherakoek sarrerak 10 eurotara eros ahal izango dituzte gune guztietarako, leihatilan, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenagotik aurrera.
Itzuli dira Miramongo Matinéeak

Euskal Herriko Gazte Abesbatza, Enrike Solinís eta bere antzinako musika-talde Euskal Barrokensemble, Pablo eta Sara Ferrández anai-arreba talentudunak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek osatutako taldeek emango dituzten ganbera-kontzertuek, horiek guztiek askotariko publikoentzako 16 kontzertuko eskaintza osatzen dute.
Aipatzekoa da 2018/2019 Denboraldi berri honek barne hartuko duela, baita ere, Orkestrak Austriara eta Alemaniara biran eramango duen programaren entsegu orokor irekia.
Larunbatean, irailak 29, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo Matinéeen 2018/2019 Denboraldia hasiko da. Orkestraren ganbera-zikloa, 27. denboraldira iritsi dena, klasiko bat da asteburuetako kultur eskaintzan. Matinéeek etengabean berritzen dute euren soinu-katalogo zabala; horrela, ezin konta ahala lurrinek eta forma melodikoek kontakizun oroitarazlea eraikitzen dute. Sortu zenetik Kutxa Fundazioaren laguntza duen ziklo honen denboraldia 16 kontzertuk osatzen dute.
Denboraldian parte hartuko duten interprete gonbidatuen artean honakoak dira nabarmenenak: 2016an Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak sortutako Euskal Herriko Gazte Abesbatza, 18 eta 26 urte bitarteko euskal ahots onenak biltzen dituena haiekin kalitate altuko errepertorioa lantzeko asmoarekin; Euskal Barrokensemble, bere belaunaldiko birtuoso nagusi eta pertsonalenetako bat bezala ezagun den Enrike Solinís bilbotarrak fundatutakoa, garai oso ezberdinetako musikaren sustraietan barrena ikerketa sakona egiten duena; eta baita Dúo Ferrández ere, Pablo Ferrández biolontxelojole talentudunak —Orkestraren Abonu Denboraldian bakarlari moduan ere parte hartuko duenak— eta bere arrebak, Sara Ferrándezek, etorkizun oparoko biolajoleak, osatzen dutena.
Urtero bezala, zikloak Orkestrako musikariek osatutako taldeen presentzia nabarmena izango du. Horiek, batetik, izen handiko egileen obra berrikusten jarraituko dute, Mozart, Beethoven eta Bachena kasu, baina, bestetik, hain ezagunak ez diren autoreen errepertorioan ere murgilduko dira, adibidez, Félicien David konpositore frantsesaren Les Quatre Saisons lana edo metal eta organo boskote batek eskainiko duen Bakearen aldeko kontzertua: 1918 emanaldiaren errepertorioaren zati handi bat. Erromantizismoaren hastapenak, XX. mendeko musika europarra, Moz-art, Beethoven miresgarria eta Dohnányi zoragarria eta Denboren amaiera dira Euskadiko Orkestrako musikariek aurkeztuko dituzten kalitatezko proposamenetako batzuen izenak. Talde horien errezitalak kalitatezko musika alternatiba bat bezala duela 27 urte sortu zen eta oraindik indarrean dagoen ziklo honen bikaintasunaren eredu izango dira.
Miramongo Matinéeek ezaugarritzat dute errepertorio sinfonikotik aldendu ohi direla, baina aurtengoan luxuzko salbuespena izango dugu egutegiko bosgarren datan, Orkestra osoak entsegu ireki batean abenduan Austriako Linz eta Bregenz hirietara eta Alemaniako Munichera bira batean eramango duen programa aurkeztuko baitu. Robert Treviño izango da zuzendari eta Orkestrak Mojca Erdmann soprano alemaniarra izango du ondoan, entseguan zein biran. Sopranoa Deutsche Grammophon disko-etxe ezaguneko artista da, nazioarteko musika-eszenan eta kritikak goraipatu du eta publikoak maite du bere tonuaren edertasunagatik eta bere aparteko trebeziagatik.
Abonamenduak
16 kontzertuetarako abonamenduak 84 euroko prezioa du, eta 64 eurokoa tarifa bereziko onuradunentzat (65 urtetik gorakoei, 30 urtetik beherakoei, Orkestrako beste zikloetako abonatuei, Kursaal Eszenako abonatuei, Kutxabankeko K26 eta K26+ txartelen Titularrei, Eureka! Zientzia Museoko lagunei eta Musikene). Jada eskuragarri dago Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo euskadikoorkestra.eus webguneko formularioa betez (https://www.euskadikoorkestra.eus/abonuak/abonu-berriak).
Sarrerak
Sarrera solteek 7 euroko prezio bakarra dute eta salgai daude dagoeneko euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira dagokion kontzertuaren egunean.
Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen dio Matinéetara bertaratu nahi duen orori. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Orkestrak ‘Elcano, lehen mundu bira’-ren soinu-banda grabatuko du

Joseba Beristainek konposatu du 2019an estreinatuko den film horren musika. Fernando Velázquez izango da Orkestra zuzentzearen arduradun grabazio-prozesuan.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa egunotan ari da grabatzen Elcano, lehen mundu bira animaziozko pelikularen soinu-banda. Angel Alonso da filmaren zuzendaria, Irungo Dibulitoon Studio ari da ekoizten eta Joseba Beristain da filmari soinu-banda jartzearen arduradun. Pelikula ekoizpen-prozesuan dago eta hurrengo urtean estreinatuko da, hain zuzen, Fernando de Magallanes buru zuen espedizioa 1519an atera zeneko 500. urteurrena betetzen denean. Espedizio hura 1522an amaitu zen, orduan bai, Juan Sebastian Elcano Getariako marinela buru zuela.
Metrajearen 85 minutuetan zehar banatutako 60 musika minutu inguru izango dira guztira. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaz gain, Donostiako Orfeoiak, La Oreja de Van Goghek —pelikularen kantua sinatuko du— eta Enrike Solinis & Euskal Barrokensemblek —“Juan Sebastian Elkano: Euskal nabigazioaren urrezko aldiko kantu eta dantzak” bere errepertorioaren zati batzuk moldatuko dituzte— ere hartuko dute parte Beristain konposatzen ari den soinu-bandaren grabazioan.
Gaur hasi da Miramongo Auditorioan grabazio-prozesua Fernando Velazquez orkestra-zuzendari, biolontxelojole eta zine eta telebistako soinu-banen konposatzaile ezagunaren zuzendaritzapean. Elcano, lehen mundu bira Orkestrak Velazquezekin grabatu dituen soinu-banda ugariei gehituko zaie. Azken aldian nabarmentzekoak izan dira, adibidez, Contratiempo (2017), Ocho apellidos vascos (2014) eta Un monstruo viene a verme (2016). Azken honekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin grabatua, Jatorrizko Musika Onenaren Goya saria eskuratu zuen.
Elcano, Lehen Mundu Bira filma euskal ekoizpen bat da eta Eusko Jaurlaritza, Espainiako Kultura Ministerioa, ETB eta TVEren babesa du. Gaur egun, ekoizpen prozesuaren azken fasean dago eta 100 profesionaletatik gora ari dira 3D teknologiadun film luzean lanean Angel Alonsoren zuzendaritzapean. Filmax-ek, pelikularen banatzailea eta nazioarteko salmenten enpresa arduradunak, lortu du jada Errusian, Txinan, Polonian, Ekialde Ertainean eta Turkian pelikula hedatzea.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Angelun

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bihar, irailak 7, 20:30ean, kontzertu bat eskainiko du Angeluko Quintaou antzokian, Ravel Jaialdiaren baitan.
Orkestrak Robert Treviño titularrak zuzenduko duen kontzertu bat eskainiko du, Dmitri Makhtin biolinjole ezagunaren presentzia izango duena (aurtengo martxoan jo zuen estreinakoz Orkestrarekin). Kontzertua irailaren 7an izango da, abuztuaren 26tik irailaren 16ra arte izango den jaialdiaren erdi-erdian. Honako herrietara zabalduko da Ravel Jaialdia: Donibane Lohitzune, Angelu, Azkaine, Baiona, Miarritz, Ziburu, Senpere eta Urruina.
Pasa den urtean jaio zen jaialdi hau Musique en Côte Basque eta Maurice Ravel Nazioarteko Musika Akademiak indarrak batzeari esker. Jaialdiak bere egiten du bertako musikagile Maurice Ravelek ondare gisa utzi zigun mezua: gure burua kultura anitzenei irekitzea. Eta, hain zuzen, espiritu horrekin tokiko zein mugaz haraindiko orkestrekin harreman-sare zabala iruten ari da.
Sarrerak 25 eta 38 euro bitartean.
Programa:
E. Chausson: Poème
S. Prokofiev: Biolinerako 2. Kontzertua
J. Brahms: 2. Sinfonia
Robert Treviño, Zuzendaria
Dmitri Makhtin, biolina
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
‘Pasealdia zineman barrena’ Belodromoan

Zinemaldiaren 66. edizioan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute gaurkoan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak.
Aurten ere, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta erdiz, larunbatean, irailak 22, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotu eta sendotu ari da Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenategi gogokoena da dudarik gabe, ia 2.700 plazako edukieraz. Aurtengoan Fernando Velázquez bizkaitar musikagile eta orkestra-zuzendariak zuzenduko du Orkestra, zinemaren eta soinu-banden topaketa jendetsu honetan. Berak eragin zuen, hain zuzen, 2012an Orkestra Donostia Zinemaldiko egitaraura itzultzea, Lo imposible (J.A. Bayona) filmaren soinu-banda zuzenean osoki estreinatuz.
Aurtengo Kontzertua & Proiekzioak, ‘Pasealdia zineman barrena’ izenburudunak, hamar pelikula ingururentzat ondutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu. Eskainiko ditugun musika-piezen erdiak Velázquezek berak konposatu ditu; izan ere, ondorengoen soinu-bandak harenak dira: Zipi y Zape y la isla del capitán (Oskar Santos), Gernika (Koldo Serra), El secreto de Marrowbone (Sergio G. Sánchez), Contratiempo (Oriol Paulo) —Zahara kantautorerekin batera konposatua— eta Un monstruo viene a verme (Juan Antonio Bayona). Hain zuzen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabatu zuen Un monstruo viene a verme filmaren soinu-banda, eta 2016ko Donostia Zinemaldian egin zen film horren Europako estreinaldia; partitura horri esker, Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen. Velázquezek ondorengoa dio hitzordu berri honi buruz (gaztelaniaz):
Errepertorioa beste bost pelikuletarako konposatutako musiken egokitzapenarekin osatuko da: Locura de amor (Juan de Orduña), Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas (Enrique Gato eta David Alonso), El elegido (Antonio Chavarrías), Todos los hombres sois iguales (Manuel Gómez Pereira) eta Go!azen (Jabier Elortegi eta Aitor Aranguren). Juan Quintero, Zacarías M. de la Riva, Arnau Bataller, Bernardo Bonezzi eta Álvaro Carmona izan ziren, hurrenez hurren, soinu-banda horien musikagileak.
Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Kup Taldea abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Zipi y Zape, Gernika eta Contratiempo filmetan. Gainera, Zahara kantautoreak Contratiempon parte hartuko du, baita Go!Azen pelikulako hiru kantarik ere (Iholdi Beristain, Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola).
Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Carlos Rodríguezek (Morgancreakoa) sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.
Sarrera doakoa da, eta nahikoa duzu gonbita irailaren 15etik 21era Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazio-puntuetan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera.
Orkestrak irudi ofiziala berritu du Tabakaleran

Denboraldi berriaren hasierarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak irudi ofiziala berritzeko argazki-saioa egin du Tabakaleran.
2018/2019 Denboraldia pasa den abuztuaren 11n hasi zen ofizialki Orkestrak Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitarauan izandako parte-hartzearekin. Irailaren 27an Iruñean izango den Abonu Denboraldiaren irekieran begirada jarrita duela, Orkestra osoa elkartu zen atzo Tabakaleran argazki-saio bat egiteko asmoarekin.
Saio honen helburua izan zen gaur egungo musikarien konposizioa erakusten duen eta Orkestraren irudi eta estilo propioak irudikatuko dituen argazki bat egitea. Oraingo honetan hautatutako tokia Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa izan zen. Zalantzarik gabe, leku hau primeran egokitzen zaio egun Robert Treviño Zuzendari Titularraren zuzendaritzapean lan egiten duen orkestra gazte eta dinamiko honen irudiari.
Orkestraren 2018/2019 Denboraldiko liburu ofizialarekin irail amaieran argitaratuko den argazki Berri honek 2016an Bilboko portuan egin zen irudia ordezkatuko du.
Ondoko bideo labur honetan argazkiaren making-ofa ikus ahal izango duzue:
Robert Treviño Malmöko Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Titularra ere izango da

Robert Treviñok Malmöko Orkestra Sinfonikoaren titulartasuna hartuko du bere gain 2019ko udazkenetik aurrera. Bere musika-zuzendaritzapean egongo den bigarren orkestra izango da; Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izan zen lehena bere orkestra-zuzendari ibilbidean.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2017/2018 Denboralditik dauka Robert Treviño Zuzendari Titular moduan. Pasa den ekainean iragarri zuen luzapena Orkestraren arduradun artistiko nagusi gisa 2021/2022 Denboraldira arte.
Izendapen berri honekin, Treviño aldi berean arduratuko da euskal eta suediar orkestren musika-zuzendaritzez, eta zuzendari gonbidatu izaten jarraituko du izen handiko munduko orkestra ugaritan: London Symphony Orchestra, Leipzig Gewandhaus, Vienna Symphony, Sao Paulo Symphony, Munich Philharmonic, Accademia Nazionale di Santa Cecilia, Zurich Tonhalle Orchestra eta beste hainbatetan.
Nazioarteko ibilbide oparo horren baitan Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin abenduan Europako erdigunera egingo duen bira ere ari da prestatzen Treviño. Musika-tradizio handiko kontzertu-aretoetan arituko da, publiko zorrotzaren aurrean: abenduaren 4an Linzeko Brucknerhausen, abenduaren 6an Municheko Herkulessaalen eta abenduaren 8an Bregenzeko Festspielhausen.
Informazio gehiago
Informazio gehiago Malmöko Orkestraren webgunean (ingelesez)Orkestrak 18/19 Denboraldia hasiko du Donostiako 79. Musika Hamabostaldian parte hartuz

Abuztuaren hasierarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikariak oporretatik itzuli berri dira, eta Musika Hamabostaldian eskainiko dituzten kontzertuetan dute begirada jarrita.
Orkestrak abuztuaren 11 eta 13an Rossiniren Italiarra Aljerren opera interpretatuko du, eta J. Haydnen, M. Haydnen eta Mozarten obrak barne hartuko dituen kontzertu batekin amaituko du bere parte-hartzea Hamabostaldian abuztuaren 18an.
Merezitako opor batzuen ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikariak berriz itzuli dira atriletara. Eta, ohikoa den moduan, Musika Hamabostaldian izango duten parte-hartzea izango da udako hilabete honetako agendako ardatz nagusia.
Gaur hasi ditu entseguak Orkestrak Donostiako musika klasiko jaialdian eskainiko duen lehen programarako. Gioachino Rossini musikagile italiar ezagunaren Italiarra Aljerren opera izango da, hain zuzen, Orkestrak abuztuaren 11 eta 13an eskainiko duena 20:00etan Kursaal Auditoriumean.
Rossiniren heriotzaren 150. urteurrenean, haren titulu adierazgarrienetako bat eskainiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Easo Abesbatzarekin batera eta Paolo Arrivabeni maisuaren zuzendaritzapean. Duela 25 urte pasa eman zen azkenekoz Donostian opera komiko hau. Isabellaren rol nagusia, Marianna Pizzolato italiar mezzosopranoak abestuko du. Haren ondoan arituko dira ondorengo abeslariak ere: Luca Pisaroni (Mustafa), Francisco Brito (Lindoro), Joan Martín-Royo (Taddeo) eta Arantza Ezenarro donostiar sopranoa (Elvira).
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak abuztuaren 18an 20:00etan Kursaal Auditoriumean emango duen kontzertu sinfoniko batekin amaituko du bere parte-hartzea Musika Hamabostaldian. Oraingoan Andra Mari Abesbatza izango du ondoan, eta Christian Zachariasen zuzendaritzapean J. Haydn, M. Haydn eta Mozarten lanak eskainiko ditu. Maisu alemaniarra Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 1999/2000 Abonu Denboraldiaren irekiera-programan aritu zen piano-bakarlari lanetan, Gilbert Vargaren zuzendaritzapean, eta ia bi hamarkada ondoren, berriz kolaboratuko du Orkestrarekin, oraingoan pianojole zein zuzendari moduan. Zacharias duela sei urte izan zen azkenengoz Musika Hamabostaldian.
Programa klasikoa da, eta bi obra guztiz desberdin aurkeztuko ditu: Joseph Haydnen 49. Sinfonia, La Passione, eta oso gutxitan aditzen den Requiema do minorrean, Michael Haydn haren anaia gazteak konposatua. Obra hori interpretatzeko, Andra Mari Abesbatzak eta hainbat bakarlarik, haien artean Alicia Amo eta Clara Mouriz-ek, lagunduko diote orkestrari. Bi obra horien erdian, Haydn eta Haydnen artean, Mozartik hunkigarriena entzun ahal izango da haren 24. pianorako kontzertuarekin. Obra honek Zachariasen piano-arte sakon eta beti pertsonalaz beste behin gozatzeko aukera eskainiko digu.
Kontzertuetarako sarrerak salgai daude quincenamusical.eus webgunean.
Salgai 2018/2019 Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak

Dagoeneko eros daitezke ohiko salguneetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Abonu Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrerak.
Abuztuaren 1etik salgai daude Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Abonu Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak. Irailaren 27an hasiko da abonu-kontzertuen denboraldia ohiko lau hiriburuetan.
Sarrerak salgai 10 eta 35 euro bitartean
Bilbo, Iruña, Donostia eta Gasteizko kontzertu guztietarako sarrerak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgune ofizialeko Kontzertuak & Sarrerak atalaren bidez eros ahal izango dira, baita aretoen webguneetan (euskalduna.eus, baluarte.com, kursaal.eus y principalantzokia.org) eta euren leihatila eta ohiko salguneetan ere.
Tarifa bereziak eta deskontuak
65 urtetik gorakoek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonamendudunek eta langabetuek tarifa bereziak izango dituzte, leihatilan aplikagarriak izango direnak. Gainera, Azken Ordu Gazteari esker, 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10 eurotan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago dagokion aretoko leihatilan.
Irailaren 27an hasiko den Denboraldi zirraragarri bat
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019ko Abonu-Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean, eta ekainaren 13an bukatuko da Gasteizen. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu Bilbo, Donostia (bi saio), Gasteiz eta Iruñeko bere egoitzetan eta, beraz, Abonu-Denboraldian 50 kontzertu egingo dira guztira.
Hurrengo Abonu-Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu. Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz. Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik. Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.
18/19 Denboraldiari buruzko informazio zabala hemen aurkituko duzue.
Informazio gehiago
Sarreren salmenta2018/2019 Denboraldiari buruzko informazio guztia

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak amaitu berri du 2017/2018 Denboraldia arrakasta osoz, eta dagoeneko hurrengo Denboraldian du jarrita begirada.
Jada kontsulta dezakezu irailean hasiko den Abonu Denboraldi berriari buruzko informazio guztia: kontzertu guztien datak, programak, artista gonbidatuak eta abonamendu berriak. Sarrera solteak abuztuaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019ko Abonu-Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean, eta ekainaren 13an bukatuko da Gasteizen. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu Bilbo, Donostia (bi saio), Gasteiz eta Iruñeko bere egoitzetan eta, beraz, Abonu-Denboraldian 50 kontzertu egingo dira guztira.
Hurrengo Abonu-Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu. Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz.
Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik. Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.
Izan ere, Treviñok “erresistentzia, gatazka, berradiskidetzea” kontzeptuei erreparatzea proposatu du denboraldi honetan (2017/2018), Xostakovitx eta Brittenen bitartez. Alabaina, 2018/2019 denboraldian, “aldaerak” kontzeptuari helduko dio: etengabeko bilakaeran diren aldaerak, betiereko aldaerak, zalantzazko aldaerak, arrakastarenak. Horretarako, hiru musikagileri jarri die arreta: Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. Hiru musikagile handi, elkarrekin lotura gutxikoak, baina bizipen eta emozio pertsonal komunak dituzte: ziurgabetasuna eta deserrotzea. Treviñok gonbita egiten die entzuleei bere artearen bidez sentimendu horiek bizitzera, pertsona guztiak senti baitaitezke identifikatuta horiekin. Emozio-, tinkotasun- eta gainditze-mezu bat helarazi nahi du.
DENBORALDI BERRIAREN IRUDIA
Irudia, oraingoan ere, hauslea, modernoa eta freskoa da. Ikusizko sinfonia original hau konposizio metaforiko modukoa da, eta ikuslearen arreta piztu nahi du, hura liluratu eta hark begiradarekin entzun dezan sustatu. Zentzu horretan, denboraldi berriko programak ilustratzen dituzten konposizio grafikoak bina elementu elkartuta sortzen dira, biak ere teknika edo baliabidez ezberdinen bidez irudikatuak: grabatua edo aintzinako ilustrazioa, batetik, eta argazkia, bestetik. Gaurkoa eta atzokoa, iraganean idatzitako musika eta orainaldian interpretatzen dena. Bi elementuak batuta, objektu berri bat sortzen da, izenburu bakoitza ilustratzen duen harmonia bisuala, ikuslearen interpretazio propiora irekitako esanahi bisuala.
GAINONTZEKO ZIKLOAK
Abonu Denboraldiaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere ohiko zikloekin ere jarraituko du 2018/2019an.
Batetik, Miramongo Matinéeak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-zikloak, 27 urte beteko ditu aurten, eta kolore eta lurrin ugariz beteta etorriko da. Betiko moduan, presentzia nabarmena izango dute bertan Orkestrako musikariek osatutako taldeek, zeintzuek izen handiko egileen obra berrikusten jarraituko duten, baita lurralde berriak arakatzen ere. Horrez gain, gonbidatu bereziak ere izango ditu zikloak. Uda ostean emango da ezagutzera programazio osoa.
Bestetik, Musika Gela zikloaren barruan Familia Kontzertuak, Eskola Kontzertuak, Sentsibilizazio Tailerrak, Ikastetxeetako Tailerrak, Orkestraren egoitzara egindako bisitak eta askoz gehiago eskaintzen jarraituko du Orkestrak, oso gaztetatik musika-zaletasunean hezteko eta musika-hezkuntza arautua babesteko.
NAZIOARTEKO BIRA
Ekain hasieran ezagutzera eman zenez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Denboraldiko nobedade nagusietako bat da abenduan egingo duen nazioarteko bira Europako erdiguneko hiru hiritan, zeintzuek tradizio musikal handia eta publiko zorrotza duten: kontzertu horietako bi Austriako bina hiritan izango dira, Linz eta Bregenzen; eta bestea Alemanian, Municheko Herkulessaal ospetsu eta gutiziatuan. Hiru kontzertuak publikoaren babes eta aintzatespena duten abonu-zikloen baitan egingo dira.
