Asteazkena 01 Abuztua, 2018

Salgai 2018/2019 Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak

Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera
Sarrerak salgai 10 eurotik aurrera

Dagoeneko eros daitezke ohiko salguneetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Abonu Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrerak.

 

Abuztuaren 1etik salgai daude Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Abonu Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak. Irailaren 27an hasiko da abonu-kontzertuen denboraldia ohiko lau hiriburuetan.

 

Sarrerak salgai 10 eta 35 euro bitartean

Bilbo, Iruña, Donostia eta Gasteizko kontzertu guztietarako sarrerak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgune ofizialeko Kontzertuak & Sarrerak atalaren bidez eros ahal izango dira, baita aretoen webguneetan (euskalduna.eus, baluarte.com, kursaal.eus y principalantzokia.org) eta euren leihatila eta ohiko salguneetan ere.

 

Tarifa bereziak eta deskontuak

65 urtetik gorakoek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonamendudunek eta langabetuek tarifa bereziak izango dituzte, leihatilan aplikagarriak izango direnak. Gainera, Azken Ordu Gazteari esker, 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10 eurotan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago dagokion aretoko leihatilan.

 

Irailaren 27an hasiko den Denboraldi zirraragarri bat

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019ko Abonu-Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean, eta ekainaren 13an bukatuko da Gasteizen. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu Bilbo, Donostia (bi saio), Gasteiz eta Iruñeko bere egoitzetan eta, beraz, Abonu-Denboraldian 50 kontzertu egingo dira guztira.

Hurrengo Abonu-Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu. Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz. Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik.  Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.

18/19 Denboraldiari buruzko informazio zabala hemen aurkituko duzue.

Informazio gehiago

Sarreren salmenta
Astelehena 09 Uztaila, 2018

2018/2019 Denboraldiari buruzko informazio guztia

18/19 denboraldiaren irudia
18/19 denboraldiaren irudia

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak amaitu berri du 2017/2018 Denboraldia arrakasta osoz, eta dagoeneko hurrengo Denboraldian du jarrita begirada. 

Jada kontsulta dezakezu irailean hasiko den Abonu Denboraldi berriari buruzko informazio guztia: kontzertu guztien datak, programak, artista gonbidatuak eta abonamendu berriak. Sarrera solteak abuztuaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019ko Abonu-Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean, eta ekainaren 13an bukatuko da Gasteizen. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu Bilbo, Donostia (bi saio), Gasteiz eta Iruñeko bere egoitzetan eta, beraz, Abonu-Denboraldian 50 kontzertu egingo dira guztira.

Hurrengo Abonu-Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu. Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz. 

Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik.  Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.

Izan ere, Treviñok “erresistentzia, gatazka, berradiskidetzea” kontzeptuei erreparatzea proposatu du denboraldi honetan (2017/2018), Xostakovitx eta Brittenen bitartez. Alabaina, 2018/2019 denboraldian, “aldaerak” kontzeptuari helduko dio: etengabeko bilakaeran diren aldaerak, betiereko aldaerak, zalantzazko aldaerak, arrakastarenak. Horretarako, hiru musikagileri jarri die arreta: Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. Hiru musikagile handi, elkarrekin lotura gutxikoak, baina bizipen eta emozio pertsonal komunak dituzte: ziurgabetasuna eta deserrotzea. Treviñok gonbita egiten die entzuleei bere artearen bidez sentimendu horiek bizitzera, pertsona guztiak senti baitaitezke identifikatuta horiekin. Emozio-, tinkotasun- eta gainditze-mezu bat helarazi nahi du.

 

DENBORALDI BERRIAREN IRUDIA

Irudia, oraingoan ere, hauslea, modernoa eta freskoa da. Ikusizko sinfonia original hau konposizio metaforiko modukoa da, eta ikuslearen arreta piztu nahi du, hura liluratu eta hark begiradarekin entzun dezan sustatu. Zentzu horretan, denboraldi berriko programak ilustratzen dituzten konposizio grafikoak bina elementu elkartuta sortzen dira, biak ere teknika edo baliabidez ezberdinen bidez irudikatuak: grabatua edo aintzinako ilustrazioa, batetik, eta argazkia, bestetik. Gaurkoa eta atzokoa, iraganean idatzitako musika eta orainaldian interpretatzen dena. Bi elementuak batuta, objektu berri bat sortzen da, izenburu bakoitza ilustratzen duen harmonia bisuala, ikuslearen interpretazio propiora irekitako esanahi bisuala.

 

GAINONTZEKO ZIKLOAK

Abonu Denboraldiaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere ohiko zikloekin ere jarraituko du 2018/2019an.

Batetik, Miramongo Matinéeak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-zikloak, 27 urte beteko ditu aurten, eta kolore eta lurrin ugariz beteta etorriko da. Betiko moduan, presentzia nabarmena izango dute bertan Orkestrako musikariek osatutako taldeek, zeintzuek izen handiko egileen obra berrikusten jarraituko duten, baita lurralde berriak arakatzen ere. Horrez gain, gonbidatu bereziak ere izango ditu zikloak. Uda ostean emango da ezagutzera programazio osoa.

Bestetik, Musika Gela zikloaren barruan Familia Kontzertuak, Eskola Kontzertuak, Sentsibilizazio Tailerrak, Ikastetxeetako Tailerrak, Orkestraren egoitzara egindako bisitak eta askoz gehiago eskaintzen jarraituko du Orkestrak, oso gaztetatik musika-zaletasunean hezteko eta musika-hezkuntza arautua babesteko.

 

NAZIOARTEKO BIRA

Ekain hasieran ezagutzera eman zenez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Denboraldiko nobedade nagusietako bat da abenduan egingo duen nazioarteko bira Europako erdiguneko hiru hiritan, zeintzuek tradizio musikal handia eta publiko zorrotza duten: kontzertu horietako bi Austriako bina hiritan izango dira, Linz eta Bregenzen; eta bestea Alemanian, Municheko Herkulessaal ospetsu eta gutiziatuan. Hiru kontzertuak publikoaren babes eta aintzatespena duten abonu-zikloen baitan egingo dira.  

 

Asteartea 12 Ekaina, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak errepertorio sinfoniko-koraleko obra nagusietako batekin itxiko du 17/18 Denboraldia

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak errepertorio sinfoniko-koraleko obra nagusietako batekin itxiko du 17/18 Denboraldia

Robert Treviñok zuzenduko du Verdiren Requiema konpositore italiarraren musikan adituak diren lau abeslari ospetsurekin eta Donostiako Orfeoiarekin, zeinak ezinhobeto menderatzen duen hainbeste arrakasta ekarri dizkion obra hau.

Robert Treviño zuzendari titularraren zuzendaritzapean eta Messa di Bellezza izenburuarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu-denboraldiaren azken programak 200 interprete (100 musikari eta 100 abeslari) ekarriko ditu oholtzara Verdiren Requiemerako.

Kontzertuak Donostiako Kursaal Auditoriumean hasiko dira ostegun eta ostiral honetan, ekainak 14 eta 15, eta ondoko datetan jarraituko du gainontzeko hirietan: astelehenean, ekainak 18, Gasteizko Principal Antzokian; asteartean, ekainak 19, Iruñako Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, ekainak 20, Bilboko Euskalduna Jauregian. Guztiak 20:00etan izango dira.

Ordu eta erdiko iraupenarekin, programa osoa Giuseppe Verdiren Requiem-mezari eskainiko zaio. Obra aberkoi honen jatorria 1868an kokatzen da, Gioachino Rossini musikagile italiarraren heriotzaren harira. Verdik omenaldia egin nahi izan zion pertsonaia honi, une horretan ospetsuen ziren hamabi konpositore italiarrekin elkarlanean egindako obra baten bidez. Lana Rossini hil eta handik urtebetera estreinatu nahi zuen, baina bertan behera geratu zen Verdik parte hartzeagatik inork ez kobratzea nahi baitzuen eta, horren ondorioz, ez baitzuen interprete nahikorik lortu. Verdik proiektua aurrerago berreskuratu zuen, 1873an, Alessandro Manzoni hil zenean, Italiako abertzaletasunaren beste pertsonaia erreferente bat. Oraingoan bai, Verdik lortu zuen obra arrakastaz estreinatzea, baita Europan barrena bira bat egitea ere. Kontzertu askotan Verdi bera izan zen zuzendari.

Bere arrakastarik aipagarrienak opera zuzentzen lortu dituen Robert Treviñok Verdiren musikan aditu diren lau abeslari aukeratu ditu kontzerturako. Amanda Pabyan Estatu Batuetako soprano dramatiko onenetakoa dugu; koloraturarako gaitasun handia dauka. Bere debuta New Yorkeko Metropolitan aretoan Mozarten Txirula Magikoko Gaueko Erreginarekin egin zuen. Beethovenen Fidelioko Leonora edo Mozarten Konstanze, Donna Anna eta Kontesa paperak bere errepertorioko aipagarrienak dira. Birgit Nilsson sari ospetsua 2002. urtean irabazi ondoren, Susanne Resmark mezzosoprano suediarrak erregularki parte hartzen du Europako opera-areto ospetsuenetan. Metropolitan, Milango Teatro alla Scala aretoetan eta Salzburgoko Jaialdian abestu du ondoko paperak interpretatuz, besteak beste: Gertrude (Romeo eta Julieta), Mère Marie (Karmeldarren elkarrizketak) eta Mistress Quickly (Falstaff). Aquiles Machado venezuelarra bere belaunaldiko tenorerik ezagunenetakoa da eta Espainiako eszenatoki gehienetan abestu du Europako bere debuta Kanariar irletan 1996. urtean egin zuenetik. Artista onenekin lan egin du (Placido Domingo, Riccardo Chailly, Daniel Barenboim...), bere espezialitate nagusia diren Frantziako eta Italiako operetan gehienbat. Rafał Siwek, azkenik, Poloniako baxurik onena da egun. 2002. urtean Eugene Onegin operarekin debuta egin eta gero, Italiako antzoki gehienetan lan egin du: Arena di Verona, Maggio Musicale Fiorentino edo Triesteko Verdi Antzokia. Errusiako operan aditua, harreman estua dauka ere Moskuko Bolshoi antzokiarekin.

Kororako zatia funtsezkoa da Requiemean eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak duen aliatu fidelenetako bat den Donostiako Orfeoiak abestuko du. Abesbatzak harreman berezi eta luzea dauka Verdiren partitura honekin: hiru aldiz grabatu dute diskoan eta Claudio Abbadok Orfeoia aukeratu zuen Berlingo Filarmonikoarekin batera abes zezan, Verdiren mendeurrena ospatzeko 2001. urtean eginiko ospakizunen barruan. Gainera, fresko dauka Orfeoiak partitura, azken egunotan Toulousen abestu baitu bertako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin.

Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).

Astelehena 11 Ekaina, 2018

Robert Treviñok Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren titulartasuna bost denboralditara luzatu du

Robert Treviño Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Egoitzan
Robert Treviño Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Egoitzan

Datozen egunotan, 2017/2018 Denboraldia itxiko duen azken kontzertu-programa (Verdiren Requiema) amaitu ostean, Robert Treviñok Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin hasiera batean sinatu zituen hiru denboraldietako lehenengoa itxitzat emango du.

Denbora honetan goranzko norabidean egin du aurrera Treviñok, eta Orkestraren buru lortu duen kalitatezko emaitza artistikoa ikusita, bere kontratua bi urte gehiagoz luzatuko da. Horrela, Orkestraren arduradun artistiko nagusi gisa bere presentzia bermatuta geratuko da bost denboraldiz, 2021/2022ra arte.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gisa Robert Treviñok konpromiso argia erakutsi du herrialdearekin eta bertako kulturarekin. 2017/2018 Denboraldi honetan sei kontzertu-programa zuzendu ditu, 26 kontzertu guztira. Eta, horrez gain, hezkuntza-programan ere inplikazio nabarmena izan du, Musika Gela zikloko hainbat Eskola-kontzertutan parte hartu baitu, batetik, eta, bestetik, baita Musikene eta Orkestra-Ikasketen Masterrean ere, non dedikazio osoarekin ikasleen eskura egon den euren formakuntza osatzen eta sakontzen laguntzeko.

Euskal musikarekin izan duen interesa eta konpromisoa ere garbia izan da, eta horren adierazgarri, bera izan da Musikasten parte hartu duen Orkestraren lehen zuzendari titularra, eta euskal musikagileen obrekin soilik osatutako programa batekin egin du debuta, gainera.

Euskadin izan duen konpromiso eta presentziaz aparte, Robert Treviñok bere nazioarteko presentzia zabaldu eta sendotu du, eta London Symphony, London Philharmonic edo Zuricheko Tonhalle orkestrak zuzentzen goraipamen ugari bildu ditu azken aldian. Orain urrats bat haratago doa eta bira bat prestatzen ari da bere Orkestrarekin arestian aipatutako kontzertu-aretoetan aurkezteko: Municheko Herkulessaal, Linzeko Brucknerhaus eta Bregenzeko Festspielhaus.

Ostirala 08 Ekaina, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko bira garrantzitsua egingo du Robert Treviñoren zuzendaritzapean

Herkulessaal, Munich
Herkulessaal, Munich

Austria eta Alemania izango dira Orkestraren hurrengo norakoak abenduaren 4tik 8ra.

Biraren zuzendari izango den Robert Treviñok Orkestraren titulartasun-kontratua luzatu berri du, eta bost denboraldiz bermatu da bere presentzia.

2018/2019 Denboraldiaren aurkezpen-egunean iragarri zen 2019ko martxoko Versailleseko irteerari nazioarteko erronka artistiko garrantzitsu bat gaineratuko zaio datozen hilabeteetan. Zehazki, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko bira bat egingo du abenduan Europako erdiguneko hiru hiritan, zeintzuek tradizio musikal handia eta publiko zorrotza duten: kontzertu horietako bi Austriako bina hiritan izango dira, Linz eta Bregenzen; eta bestea Alemanian, Municheko Herkulessaal ospetsu eta gutiziatuan. Hiru kontzertuak publikoaren babes eta aintzatespena duten abonu-zikloen baitan egingo dira.  

Bira hau Robert Treviñok zuzenduko du. Estatubatuarra bukatzear da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin sinatuta zituen lehen hiru denboraldietako aurrenekoa, eta bi urte gehiagoz luzatuko du bere presentzia Orkestraren arduradun artistiko nagusi gisa. Horrela, bada, Robert Treviñok bost denboraldiko musika-aroa beteko du Orkestran, 2021/2022ra arte.

Treviño nazioarteko karrera intentsua ari da garatzen. Europan soilik, dagoeneko honako orkestra entzutetsuak zuzendu ditu, eta arrakasta osoz, gainera: Stuttgarteko Sinfonikoa, Leipzigeko Gewandhaus, Rotterdamekoa, Vienako Tonküstler, eta baita Municheko Filarmonikoa ere. Azken orkestra hori Herkulessaalen bertan zuzendu zuen, gogoangarria izan zen Mahlerren Bosgarren Sinfoniaren interpretazio ahaztezin batekin. Hain zuzen, Mahlerren interpretazio bikainengatik ezagun egiten hasi da Robert Treviño eta musikagile alemaniarraren bere azken bertsioek —London Symphony Orchestraren, London Philarmonic-aren eta Zuricheko Tonhalleren buru egin dituenak—publikoaren eta kritikaren laudorioak jaso dituzte. Oraingoan bere Orkestrarekin itzuli nahi du Municheko eszenatoki famatu honetara, non Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2003an jo zuen lehendabizikoz. 

Mojca Erdmann soprano alemaniarra eta Vadim Gluzman biolinjole israeldarra izango dira kontzertu-bira honetako bakarlari gonbidatuak.

 

 

Programa eta kontzertuak

 

Euskadiko Orkestrak hiru programa ezberdin eramango ditu birara. Hiru kontzertuak euskal musikarekin irekiko ditu: Aita Donostiaren Meditazioa obrarekin Linzen eta Pablo Sorozabalen Zazpi Lieder (Hautaketa)-rekin Munichen eta Bregenzen. Hiru kontzertuek Mahlerren Laugarren Sinfonia, musikagile alemaniarraren obra ezagunenetakoa, eramango dute programaren bigarren zatian, Mojca Erdmann soprano alemaniarrarekin bakarlari-paperean. Baina hiri bakoitzak tonu ezberdina izango du kontzertuen lehen zatietan.

Linzen, Aita Donostiaren obraren ostean, Orkestrak eta Erdmannek Mozarten soprano-aria eta eliza-sonata sorta bat interpretatuko dute.

Bregenzen, berriz, Erdmannek Sorozabalen lana interpretatu ondoren, Prokofieven Biolinerako 2. Kontzertua joko du Vadim Gluzmanek bakarlari gisa.

Municheko Herkulessaal zorrotzerako, Sorozabalen obraz gain, Elgarren Enigma Bariazioak lana eramango da Orkestraren atriletara, Mahlerren Laugarren Sinfoniarekin kontraste nabarmena eginaz. Programa zaila izango da, baina Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren indarra erakusteko balioko du, Robert Treviñoren zuzendaritzapean.

Orkestra abenduaren 3an aterako da biran eta honako egunetan izango ditu kontzertuak: abenduaren 4an Linzen, 6an Munichen eta 8an Bregenzen.

 

    

Brucknerhaus (Linz), Herkulessaal (Múnich) eta Festspielhaus (Bregenz).

 

 

Orkestraren nazioarteko presentzia

 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak betidanik hartu du aintzat bere misioetako bat: euskal kulturaren enbaxadore izatearena. Horregatik, bere 36 urtetako historian, nazioarteko eszenatoki garrantzitsu ugaritan egon da presente, modu askotara eta helburu ezberdinekin.

Jaialdi eta Denboraldi askotan egon da, adibidez, Biennale di Venezian edo Versailleseko Opera Royal Châteaun (sarri bertaratzen da Malandain Ballet Biarritzekin eta denboraldi honetan ere hala egingo du 2019ko martxoan “Marie Antoinette” estreinatzeko).

Orkestren elkartruke ugaritan ere parte hartu du, Düsseldorfeko Orkestrarekin, Milaneko Giuseppe Verdi Orkestrarekin edota Bordeleko ONBArekin, azken honekin sarritan.

Baina nazioartean presentzia izateko formatu ezagunena kontzertu-birak egitea izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat, eta horren adierazgarri, bere 18. nazioarteko bira izango da oraingo hau. 1984tik Orkestra Argentinan, Txilen, Brasilen, Ingalaterran eta Italian izan da, besteak beste. Baina, batez ere, Europako erdiguneko hirietako eszenatokietan eskaini du kontzertu gehien: Alemanian (Frankfurt, Stuttgart, Passau, Bayreuth, Augsburg, Hanburgo, Bremen, Düsseldorf eta Munich), Austrian (Viena, Salzburgo, Linz) eta Suitzan (Zurich, Luzerna, Gstaad). Oraingoan Munichen eta Linzen errepikatuko du eta estreinakoz arituko da Bregenzen.

Bestalde, Basque Country markaren eta Bavieraren eta Bregenz barne hartzen duen eskualde austriarraren arteko harremanaren beste adibide bat bezala, Bregenzerako bisitaren aurretik “Bilbao – Bregenz” erakusketa kolektiboa hartuko du Bregenz Kunsthausak. Azken hamar urteotan (2006-2016) Bregenzeko Kunsthausen eta BilbaoArteren artean 40 artistak egin dituzten obren oroitzapenezko erakusketa bat izango da. 

 

 

Biraren programa

 

2018ko abenduak 4: Brucknerhaus, Linz (Austria)

AITA DONOSTIA: Meditazioa
W.A. MOZART: Soprano-aria eta eliza-sonaten hautaketa:

  • Church sonata nº 14, k.278
  • Ergo interest… Quaere superna, Recit and Aria in G major, K.143 (73a)
  • Vesperae solennes de confessore, K.339. “Lauate Dominum” in F major
  • Church sonata nº 16, in C major, K.329 (317a)
  • Coronation Mass, K.317. “Agnus Dei” in F major

G. MAHLER: Laugarren Sinfonia

Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa

 

2018ko abenduak 6: Herkulessaal, Munich (Alemania)

P. SOROZABAL: Zazpi Lieder (hautaketa)
E. ELGAR: Enigma Bariazioak, Op.36
G. MAHLER: Laugarren Sinfonia

Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa

 

2018ko abenduak 8: Festspielhaus, Bregenz (Austria)

P. SOROZABAL: Zazpi Lieder (hautaketa)
S. PROKOFIEV: Biolin eta orkestrarako 2. kontzertua
G. MAHLER: Laugarren Sinfonia

Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa 
Vadim Gluzman, biolina

Asteartea 05 Ekaina, 2018

Hosokawa eta Saint-Saënsen produkzio diskografikoak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bi disko berriak: Hosokawa eta Saint-Saëns
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bi disko berriak: Hosokawa eta Saint-Saëns

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko merkatuan garrantzia handia duten bi produkzio diskografiko berri gaineratu ditu bere fonotekara: batetik, gaur egungo musikagile garrantzitsuenetako baten, Hosokawaren, argitaratu gabeko obrak jasotzen dituen grabazioa; eta, bestetik, Saint-Saënsen beste bat, Naxos disko-etxearen musikagile frantsesaren katalogoa osatzen duten orkestra-lan sorta bat barne hartzen duena. Bi diskoak zuzendari titular ohi Jun Märklen musika-zuzendaritzapean grabatu ditu mundu osoan zabalkundea duen sona handiko disko-etxeak.

Euskal musikaren ekoizpena landu eta babesteko konpromisoarekin batera —adibide nagusi gisa Claves disko-etxearen 15 bolumenez osatutako Euskal Konpositoreen Bilduma duena—, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere grabazio-politika osatu du berriki nazioarteko errepertorioarekin. Horren adibide nabarmena aurkeztu berri du Orkestrak, eta Naxos disko-etxearen grabazio eta banaketari esker nazioarteko merkatura iristea ahalbidetuko diote honako bi lan berri hauek:

 

TOSHIO HOSOKAWA eta argitaragabeko orkestra-lanen grabazioa​

 

Grabazio honek (Orchestral Works 3) Orkestraren orain arteko alderdi garaikideena aurkezten du eta Naxos Recordsen diskografian grabazio nagusietako bat bihurtzen duten hainbat elementu elkartzen dira bertan. Alde batetik, bertan jasotako obrak lehendabizikoz grabatu dira mundu osoan eta, gainera, obrak estreinatu zirenean parte hartu zuten bakarlariak agertzen dira diskoan: Susanne Elmark eta Ilse Eerens (sopranoak), Mihoko Fujimura (mezzosopranoa) eta Tadashi Tajima (shakuhachi / flauta japoniarra). Bestalde, faktore-bilketa berezi bati esker izan da posible grabazio hau argitaratze: Jun Märklen sustrai japoniarrak, Toshio Hosokawarekin duen adiskidetasun-harremana eta Europako Kultur Hiriburutza programak babestu ohi dituen EU JAPAN FEST erakundearen laguntza eta, horrenbestez, Donostia 2016rena. Horrek guztiak ahalbidetu zuen Hosokawa, gaur egungo musikagile nagusietako bat, Orkestraren Miramongo Egoitzara bertaratzea grabazio honetarako. Egile japoniarrak emozio osoz hartu zuen proiektua, besteak beste, 2011ko Japoniako Tsunamiaren biktimen omenez egindako ‘Meditation’ lana barne hartzen duena. Datozen egunotan salgai egongo da diskoa merkatuan. Dagoeneko eros daiteke Estatu Batuetan eta Kanadan naxos.com-en bidez.

Ikus diskoaren fitxa eta entzun promozio-audioa hemen

Jarraian duzue Toshio Hosokawak Miramongo Egoitzan 2017an 'Orchestral Works 3' Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zueneko bideoa:

 

Ondoko irudi hauetan Toshio Hosokawa Miramongo Egoitzan ikus daiteke (egin klik irudietan handiago ikusi eta deskargatzeko):

  

 

SAINT-SAËNS eta musikagile frantsesaren bilduma osoa Naxos disko-etxean

 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako disko honen bidez Naxos disko-etxeak Camille Saint-Saëns musikagile frantsesaren orkestra-obra guztien bilduma osatu berri du. Konpositoreak bere sorkuntza-ibilbideko garai ezberdinetan idatzitako lau obra hartzen ditu barne aipatu diskoak. Bertan parte hartu du Guillermo Pastrana Granadako biolontxelojoleak, biolontxelo eta orkestrarako ‘Suite Op16bis’ piezan, zehazki. Errepertorio frantsesean aditua den Jun Märklek zuzendu du egikera bikaineko grabazio hau ere. Dagoeneko salgai dago merkatu diskografikoan.

Ikus diskoaren fitxa eta entzun promozio-audioa hemen

Osteguna 31 Maiatza, 2018

Miramongo Matinéeek handiki esango diote agur Denboraldiari

16. matinéea: Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestra
16. matinéea: Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestra

2017/2018 denboraldiko azken Matinéean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestrak, hamazazpi kidek osatutakoak, ‘Estilo galantetik klasizismora’ izeneko kontzertua eskainiko du, Mozarten alderdi ezezagunean zentratuta.

Miramongo Matinéeak Denboraldiko azken hitzordura iritsiko dira larunbat honetan, ekainak 2, 11:00etan, Orkestraren Egoitzan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestrak eskainitako kontzertu batekin. Orkestrako ordezkaritza zabal batek osatuko du aipatu ganbera-taldea.

Estilo galantetik klasizismora izeneko kontzertu hau aukera bikaina izango da jende gehienarentzat ezezaguna den Mozarten alderdi bat ezagutzeko, harparen, flautaren, hariaren eta haizearen arteko elkarrizketaren bidez. Musikagileari eskainitako omenaldi berezia izango da, gogora ekarriz bere garaian ezagunegiak ez ziren instrumentuen —harpa kasu— garapen eta konposizioan ezinbesteko mugarri izan ziren pieza batzuk, enkargu bidez egindakoak.

Gian Luca Tocchi musikagile eta zuzendari italiarrak harpa eta harientzat 1940an transkribatutako Mozarten hiru bals txikirekin hasiko da kontzertua. Tocchiren obra gehienak orain ari dira berreskuratzen, hainbat hamarkadatan galduta egon ostean.

Ohikoak ez diren instrumentuentzat egindako bost piezaz osatutako serie bateko azken-aurrekoa den Adagio eta Rondorekin jarraituko du kontzertuak. Mozartek kristalezko harmonika jotzen zuen interprete itsu batentzat, Marianne Kirchgessner-entzat, idatzi zuen obra. Oraingo honetan harpak ordezkatuko du instrumentu hori.

Matinéea Flauta, harpa eta orkestrarentzako kontzertuarekin amaituko da, Guîneseko Dukeak eta bere alaba nagusiak eskatutakoa, flautajolea eta harpajolea, hurrenez hurren. Mozartek eskatzaileen neurrira idatzi zuen kontzertu hau, nahiz eta hauek ez zioten inoiz egindako lanagatik ordaindu konposatzaileari. Nolanahi ere, obra hau urrats garrantzitsua izan zen harparen etorkizunerako, bai instrumentu bakarlari gisa, bai flautarekin duoan —ordura arte ez zen batere ohikoa konbinazio hau—. Kontzertuaren jatorrizko eskuizkribua oraindik existitzen da eta 1948tik Krakoviako Unibertsitate Jakobianoan dago gordeta.

Matinée honek amaiera emango dio momentu musikal handiak izan dituen Denboraldi honi, Orkestrako musikariekin baina baita bestelako proposamenekin ere, hala nola Leioa Kantika Korala, Judith Jaureguiren piano-errezitala, Ainara Ortega eta Iñaki Salvadorren jazza, etab.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 29 Maiatza, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Robert Treviñok Nikolai Lugansky errusiar pianojole handia hartuko dute

Nikolai Lugansky
Nikolai Lugansky

Luganskyk Prokofieven Pianorako 2. kontzertua interpretatuko du Brett Deanen Testament eta Beethovenen 3. sinfonia “Heroikoa” ere barne hartuko dituen programa batean. Azken bi pieza horien ardatza Beethovenen gero eta handiagoa eta ekidinezina zen gorreriaren bizipen lazgarria izango da.

Robert Treviño zuzendari titularraren zuzendaritzapean eta Eztanda isila izenburuarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu-denboraldiko azken-aurreko programako kontzertuak ostegun eta ostiral honetan hasiko dira, maiatzak 31 eta ekainak 1, Donostiako Kursaal Auditoriumean, eta ohiko gainontzeko hirietan izango dira ondoren: astelehenean, ekainak 4, Gasteizko Principal Antzokian; asteartean, ekainak 5, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta asteazkenean, ekainak 6, Iruñako Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira.

Nikolai Lugansky izango da saioko gonbidatu nagusia, eta programako bigarren piezan hartuko du parte, Sergei Prokofieven Piano eta orkestrarako 2. kontzertuan. Aipatu obra errepertorio osoko piano-pieza zailenetako bat bezala ezagutzen da, baita egitura nahiko ezohikoa duelako ere. 1913an estreinatu zen udako kontzertu-ziklo baten barruan, eta testuinguru kontserbadore hartan, publikoak txistuka hartu zuen lana, “Pikutara zabor futurista hori!” bezalako oihu artean. Luganskyk aski ongi ezagutzen du Prokofiev eta bere obra, izan ere, ikasketak Moskuko Musika Eskola Nagusian eta Kontserbatorioan egin baitzituen Sergei Dorensky eta Tatiana Nikolayevaren gidaritzapean, eta azken hau Prokofieven aditu nagusietako bat da Errusian. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin 2005ean estreinatu zen Luganskyk oso gazte hasi zuen bere ibilbidea: bost urterekin Beethovenen sonata bat jotzen ikasi zuen partiturak irakurtzen jakin gabe. Gainera, 22 urterekin, 1994an, Txaikovski Lehiaketa entzutetsuan Zilarrezko Domina lortu zuen.

Programaren gainerakoa bi obrak ardaztuko dute: Brett Deanen Testament eta Beethovenen 3. sinfonia “Heroikoa”. Bi lanok istorio bera dute lotune: Beethovenek bere anaiei bidalitako gutun lazgarria, Heiligenstadt Testamentua izenez ere ezagutzen dena. Bertan, musikagile alemaniarrak gero eta handiagoa eta ekidinezina zen bere gorreriaren bizipena kontatzen du. Musikagile australiar Brett Deanek, eskutitz honekin erabat liluratuta, 2002an Testament obra idatzi zuen hamabi biolarako, eta Beethovenek bere belarri gaixoekin “entzuten” zuen musika islatu nahi izan zuen, instrumentuen soinua andeatzen duten tekniken bidez.

Paradoxikoki, hainbesteko sufrimendua erakusten zuen gutun hura idatzi zuen garai berean Beethovenek bere sormen handieneko faseetako bat bizi izan zuen, eta orduan idatzi zuen hain zuzen gaurko programa itxiko duen obra, 3. sinfonia “Heroikoa”. Napoleonentzako bi eskaintza daramatza lan honek: askatzailearen figurarekiko miresmena, batetik, eta Enperadore bihurtu zeneko desengainua, bestetik. Sinfonia bat izateko bereziki luzea den (47 minutu) obra hau aurrerapauso nabarmena izan zen bere generoko teknikan.

Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).

Osteguna 24 Maiatza, 2018

Robert Treviñok formazioa eskainiko du Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterrean

Robert Treviño
Robert Treviño

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra Musikeneren hezkuntza-proiektuan parte da, gazteen hezkuntzan duen konpromisoaren erakusgarri. Datorren ikasturtean izena emateko epea ekainaren 3ra arte dago irekita.

Hezkuntzaren bikaintasunak eta orkestra-musikari izateko benetako prestakuntzak, besteak beste, egiten dute erakargarri Orkestra Ikasketa Masterra, Musikenek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarlan estuan antolatzen dutena.

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia hezkuntza-erreferente bilakatu dute bertako irakasleek eta, horrez gain, aipagarria da Europako orkestra nagusietan lehenengo atrilak diren bakarlari gonbidatu handien presentzia. Hori guztia ikasketa-plan sendo baten baitan.

60 ECTSko formazio akademiko ofizialari orkestra errepertorioan espezializatzea gehitzen zaio: Euskadiko Orkestraren kontzertuetan praktikak, bere titular Robert Treviño maisu iparramerikarrarekin lan-saioak, Gordan Nikolic edo Boris Garlitsky musikariekin hari-orkestra proiektua, edo benetako proben simulakroak. Horri guztiari esker Masterra ezinbesteko urratsa bihurtu da hari-musikari gazteek orkestra-musikari bihurtzeko egin beharreko ibilbidean.

Masterrari buruzko informazio guztia (datak, epeak, prezioa, etab.) hemen

 

Osteguna 24 Maiatza, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Musikaste itxiko du

Musikaste 2018
Musikaste 2018

Errenteriako jaialdiaren amaiera-kontzertua larunbatean izango da, maiatzak 26, 20:30ean Fatimako Parrokian, eta Andra Mari Abesbatzaren parte-hartzea izango du.

Aurten 46. edizioa izango du Musikastek, urtero Errenterian Eresbilek antolatzen duen musika-jaialdiak, zeinak euskal egile eta interpreteekin konpromiso osoa duen. Ospakizunek, mendeurrenek eta gutxi esploratutako generoek beteko dituzte edukiz musika-hitzordu honen bederatzi egunak (maiatzak 19-27).

Aurtengoan Musikastek Mª Luisa Ozaitari omenaldia egingo dio, pasa den urtean zendu baitzen. Figura hau omentzearen bidez emakume musikagileen sorkuntza-lana azpimarratu nahi da Musikasteren egitarauaren baitan. Horrela, bada, kontzertu guztiek hartuko dute barne gutxienez emakume batek egindako obra bana, eta bi programa emakumeek soilik sortutako lanez osatuko dira.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak euskal musikaren ekoizpenaren hedapenean ekarpena egiten jarraitu nahi du, eta euskal interpreteei bultzada emateko plataforma izaten ere jarraitu nahi du, hortaz, aurtengo edizioan ere parte hartuko du jaialdi honetan. Hogeita laugarren parte-hartzea izango du Orkestrak Musikasten.

Larunbat honetan, maiatzak 26, 20:30ean Fatimako Parrokian izango den amaiera-kontzertuan, Orkestra izango da Andra Mari Abesbatzarekin batera musikaz betetako aste honi bukaera bikaina emateaz arduratuko dena. Kontzertu hau, gainera, Robert Treviño zuzendari titularraren lehen parte-hartzea izango da Musikasten, eta berak eramango ditu atriletara Mª Eugenia Luc, Maria Luisa Ozaita, Rodrigo de Santiago, Ramón Usandizaga, Beltrán Pagola eta Manuel Sagasti.

Orriak