Larunbat honetako Miramongo Matinéeak Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik ehun urte igaro direla ekarriko du gogora

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide diren metalezko instrumentuen bakarlariek osatutako boskote batek eta Donostiako Santa Mariako organoaren titularrak eskainiko dute ‘Bakearen aldeko kontzertua: 1918’.
Larunbat honetan, urtarrilak 26, 11:00etan, Miramongo Matinéeak 18/19 Denboraldiaren erdira iritsiko dira zortzigarren hitzorduarekin, metalezko boskote bat eta organoa izango dituena protagonista.
Larunbat honetako programak gertakizun historiko garrantzitsu bat ekarri nahi du gogora: 1918ko Armistizioaren sinadura, Lehen Mundu Gerrari amaiera eman ziona lau urte baino gehiagoko Erdialdeko Inperioen eta Aliatuen arteko borroka gogorraren ostean. Bakea 1918ko azaroaren 11n sinatu zuten, aliatuen garaipen argi batekin eta Alemaniari baldintza oso gogorrak ezarriz. Aurrerago Versaillesko Itunean, benetan gerraren amaiera ofizialdu zuen itunean, berretsi ziren baldintza horiek.
Gertakari honen oroitza egiteko, musikariek gatazkaren bi aldeak ordezkatu zituzten herrialdeetan jaiotako autoreen obrak hautatu dituzte egitarauan, herrialdeok izan baitziren azken finean armistizioa sinatzearen arduradunak.
Programa eklektiko alai honetan, Muffat frantsesaren Tocatta prima, Handel alemaniarraren Water Music, Widor frantsesaren Bach’s memento, Delerue frantsesaren Vitrales, Naji Hakim libanotarraren Euskal dantzak, Khachaturian sobietarraren Ezpata-dantza eta Dupré frantsesaren Poema heroikoaren su artifizialak entzun ahal izango dira, Verdunen hil zirenei omenaldi batean.
Metalezko instrumentuen bakarlarien boskoteko kide guztiak Euskadiko Orkestra Sinfonikokoak dira: Jean-Luc Casteret (tronpa), Didier Bousquet (tronpeta), Miguel Echepare (tronpeta), Arnaud Mandoche (tronboia) eta Óscar Abella (tuba). Boskoteak Ana Belén Garcíarekin egin du bat, Donostiako Santa Mariako organo historikoaren titularrarekin, Matinée hau eskaintzeko.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hiru produkzio berri aurkeztu ditu Gasteizen 2018/19ko Musika Gela zikloaren baitan

'Uauatxua', 'Pianissimo' eta 'Isiltasunaren haitzuloa' dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak otsail, martxo eta apirilean Gasteizen antolatu dituen Musika Familian kontzertuen izenburuak.
Beste denboraldi batez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak Gasteizen aurkeztuko ditu bere Musika Familian kontzertuak, haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza bat. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala da Musika Familian kontzertuena, eta 20 urte baino gehiago daramatza Orkestraren egitarauan.
Aurten Gasteizen hiru produkzio propio estreinatuko dira zikloaren baitan, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira, 2 urtetik hasi eta 16 urteraino: Uauatxua, kultura ezberdinetako melodia herrikoiak eta musika klasikoko sehaska-kantak entzuteko aukera emango digun kontzertua (igandean, otsailak 17, 17:00etan eta 18:30ean García Lorca Antzokian, 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat); Pianissimo, musikaren, bere ñabarduren eta bere inplikazio emozionalaren inguruko terminologia espezifikoan sakontzen lagunduko digun emanaldia, Helena Orcoyen soprano paperean izango duena (ostirala, martxoak 22, 19:00etan Principal Antzokian, 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzat); eta Isiltasunaren haitzuloa, musika entzuten ez denean non dagoen bilatzean tematuta dagoen gazte-koadrila bat protagonista duen musika-ipuina (igandea, apirilak 14, Principal Antzokian, 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat). Ikuskizun hauek guztiak Gasteizko Udalaren Antzoki-Sarearekin koprodukzioan prestatu dira.
Musika Gelaren Denboraldi honetako produkzio horien guztien gai komuna emakume-ahotsa izango da, baita hark eragiten dizkigun emozioak ere. Ahots hori —kantatua, esana eta musikarena berezkoa dena— forma eta intentsitate ugaritan aurkezten zaigu: haurrei abestutako sehaska-kantatan, botere eta distira osoz ageri den opera-aria handietan, edo bere garaikideen onespen ezaren aurka borrokatu behar izan zuten emakumeen konposizioetan.
Ikuskizun guztietarako sarrerak 6 eurotan daude salgai euskadikoorkestra.eus eta principalantzokia.org webguneen bidez, baita 945161045 telefono-zenbakian eta Principal Antzokiko leihatilan ere. Uauatxuaren kasuan, gainera, García Lorca Antzokiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira tiketak, bertan izango baita emanaldia.
Partaidetza gasteiztarra Eskola Kontzertuetan
Aurtengoan ere, Gasteizko Olabide Ikastolako 115 ikasle Orkestrak antolatutako Eskola Kontzertuetako batean izango dira. Aurten hamar urte beteko dira Eskola Kontzertuak hasi zirenetik, eta ordutik Musika Gelaren ildo nagusietako bat bezala finkatu da. Guztira, aurreko bederatzi edizioetan, 35.000 ikasle baino gehiagok gozatu ahal izan dute kontzertu hauez, eta parte-hartzaileen zifra urtez urte areagotu egin da.
Olabide izango da Denboraldi honetan Eskola Kontzertuez gozatu ahal izango duten 100 ikastetxeetako bat. Zehazki, ikastetxe gasteiztarreko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleek Pianissimo kontzertua ikus ahal izango dute. Guztira, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 9.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte Denboraldi honetan Eskola Kontzertuetan.
Askoz gehiago Musika Gelan
40 jarduera baino gehiagok osatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelaren 18/19 Denboraldiko egitaraua, Mikel Cañadak koordinatutakoa. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate.
Musika Familian kontzertuez eta Eskola Kontzertuez gain, zikloak aurten hainbat entsegu ireki hartuko ditu barne, eta baita pertsonen inklusioa sustatzeko jarduera ugari ere, FEVAS-Plena Inclusión Euskadirekin lankidetzan programatutakoak.
Abian daude ‘Isiltasunaren haitzuloa’ produkzio berriaren Eskola Kontzertuak

Atzotik urtarrilaren 24ra arte, Miramongo Auditoriumak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelaren produkzio berri honen Eskola Kontzertuak hartuko ditu, eta horietan Dantzertiko dantzari eta aktoreek hartuko dute parte.
Programa bera publiko orokorrari eskainiko zaio Musika Familian kontzertuetan, otsailaren 23an Donostian eta apirilaren 14an Gasteizen.
Estreinatu berri da Isiltasunaren haitzuloa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2018/19 Denboraldiko Musika Gela hezkuntza-zikloaren baitan aurkeztu dituen lau produkzio berrietako bigarrena. Ekoizpena atzo abiatu zen Miramonen programa honetan eskola-haurrei zuzentzen zaien lehen kontzertuarekin, eta baita bigarren batekin ere, FEVAS-Plena Inclusión Euskadi elkarteko eta beste kolektibo batzuetako lagunak gonbidatu berezi gisa izan zituena. Gaurtik datorren asteko ostegunera arte, urtarrilak 24, Miramongo Auditoriuma goizetan Eskola Kontzertuen saio bikoitzaren (9:45 eta 11:15) eszenatoki izango da.
Isiltasunaren haitzuloa Mikel Cañadak idatzitako musika-ipuin bat da, eta bere protagonista gazte-talde bat izango da, musika entzuten ez denean non deskantsatzen duen bilatzean tematuta dagoen gazte-talde bat. Hainbat abentura biziko dituzte gazteek zenbait tokitan barrena, harik eta musikak babesa hartzen duen haitzulora iristen diren arte, eta han sorpresaz betetako mundu magikoa aurkituko dute. Ipuin honek partiturek eta musika-lengoaiak ezkutatzen dituzten misterio guztiak aditzera eman nahi dizkigu.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikariez osatutako hari-laukote batek —Maialen Rezabal (biolina), Itziar Prieto (biolina), Monika Mazur (biola) y Beatriz Linares (biolontxeloa)—eta piano batek —Amaia Zipitria— osatuko dute obraren zati musikaleko boskotea. Haiek eta Dantzertiko (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola) artista-talde bat izango dira eszenatokian protagonista. Interpretazio-ikasleak honakook dira: Maren Basterretxea, Albar Cirarda, Celia Fañanás, Ana García, Alain Lersundi, Maialen Marín, Yune Nogueiras, Ana Ochoa eta Garazi Urcola. Dantzako ikasleak, berriz, hauek: Unai Álvarez, Pilar Blanco, Elene Carreto, Dairi Martínez, Beñat Urrutia eta Miryam Villanueva. Guztiek Orlando R. Peláez eta Juanjo Herrero irakasleak izango dituzte gidari.
6 eta 10 urteko ikasleei zuzendutako kontzertu hauek 55 minutuko iraupena izango dute. Guztira, egun hauetan Orkestraren egoitzatik 3.500 ikasle eta irakasle baino gehiago pasako dira.
2018/19ko Musika Gelako gainontzeko produkzio berriak ondokoak dira: Uauatxua (2018ko urrian izan zituen emanaldiak); Marie Antoinette, Malandain Ballet Biarritzekin lankidetzan egina (otsailaren 15ean Kursaalen); eta Pianissimo (martxoaren 25 eta 26an Kursaalen). Kontzertu hauek guztiek Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalaren babesa daukate.
Musika Familian kontzertuak
Bestalde, Isiltasunaren haitzuloa formatu irekian ere eskainiko da, bi Musika Familian kontzertutan: bata otsailaren 23an Donostiako Kursaal Auditoriumean 18:00etan, eta bestea apirilaren 14an Gasteizko Principal Antzokian 18:00etan.
Ikuskizun hauetarako sarrerak 3 eta 7 euro bitartean daude salgai euskadikoorkestra.eus webgunean eta emanaldiak hartuko dituzten aretoen leihatila eta webguneetan.
Bi kontzertuen aurretik, 16:45ean, Sentsibilizazio-tailerrak eskainiko dira, aukerakoak eta doakoak izango direnak kontzerturako sarrera dutenentzat. Tailer hauen edukiera 30 lagunekoa da, eta horietan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aurrez izena ematea, Donostiako kasuan 943003180 telefono-zenbakira dei eginez eta Gasteizko kasuan 945161045 telefono-zenbakira deituz.
Aurkezpena gaur Gasteizen
Gaur aurkeztu dira, baita ere, Gasteizen otsail, martxo eta apirilean egingo diren hiru Musika Familian kontzertuak: Uauatxua, Pianissimo eta Isiltasunaren haitzuloa. Informazio guztia hemen
Bigarren Mundu Gerrako kontzentrazio-esparru batean idatzitako obra bat larunbateko Miramongo Matinéean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariez osatuta dagoen Waimea Laukoteak Olivier Messiaen konpositore frantsesaren ‘Denboren amaierarako kuartetoa’ obra interpretatuko du.
Larunbat honetan, urtarrilak 12, 11:00etan, Miramongo Matinéeek berriz ekingo diote Denboraldiko zazpigarren hitzorduarekin, Waimea Laukotea protagonista izango duena. Taldea Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hiru musikarik —Xabier Gil (biolina), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Juan Navarro (klarinetea)— eta Amaia Zipitriak (pianoa) osatzen dute.
Laukoteak Olivier Messiaen konpositore frantsesaren, XX. mendeko herrialde galiarreko garrantzitsuenetako baten, obra bat hautatu du Matinéerako. Messiaenek 31 urte zituen Bigarren Mundu Gerra hasi berritan, 1940ko ekainean, armada alemaniarrak preso eraman zuenean Alemaniako Görlitz hirian kokatutako (gaur egun Poloniako Zgorzelec hirian) atxilotuentzako kanpamendu batera.
Kanpamendurako bidean, Messiaenek Henri Akoka klarinetejoleari ‘Txorien amildegia’-ren (Matinéean entzungo den obrako hirugarren mugimenduaren) zirriborroak erakutsi zizkion. Messiaen Akokarekin elkartu zen, eta baita preso zeuden beste bi musikari profesionalekin ere, Jean le Boulaire biolinjolearekin eta Ètienne Pasquier biolontxelojolearekin, eta instrumentu-konbinazio ezohiko batentzako kuartetoa idatzi zuen. Berak pianoaren partea hartu zuen bere gain. Hori guztia egiteko Carl-Albert Brüll zaindariari esker lortu zituen paper-zatiak eta arkatz txiki bat erabili zituen.
Denboren amaierarako kuartetoa kanpamenduan bertan eman zuten estreinakoz, haize zabalean eta euripean, 1941eko urtarrilaren 15ean, 400 presoz eta hainbat zaindariz osatutako publiko baten aurrean. Brüllek lortu zizkieten interpretazioa gauzatu ahal izateko instrumentuak, oso egoera txarrean bazeuden ere.
Zortzi mugimenduk osatzen dute obra eta bete-betean islatzen ditu egileak bere konposizio-karrera osoan erakutsitako ñabardurak: katolizismoan militantzia sendoa eta txorien kantua soinu-material gisa erabiltzeko obsesioa.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
‘The Bride Wore Black’, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Fernando Velázquezen grabazio berria

Orain dela gutxi berrogeita hamar urte bete dituen François Truffauten film ezagun honentzat Bernard Herrmann estatubatuarrak konposatutako soinu-bandaren edizio berri bat da.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Fernando Velázquezekin grabatu zuen irailean François Truffaut frantsesaren The Bride Wore Black filmaren soinu-banda. Filmaren musika Bernard Herrmann konpositore estatubatuarrak idatzi zuen duela 50 urte, eta urteurren horren harira, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabazio berria egin du, pelikulan sartu ez ziren 25 minutu ere barne hartuz. Edizio honetan lehendabiziko aldiz entzun ahal izango dira filmetik kanpo geratutako minutu horiek.
Grabazio hori harrera bikaina izaten ari da zine klasikoaren eta bere soinu-banden zaleen artean.
Velázquezek berak zuzendua eta Marc Blanesen grabazio, nahasketa eta masterizazioarekin, edizio berri hau Quartet Recordsentzat erregistratu da.
Informazio gehiago hemen: http://www.quartetrecords.com/the-bride-wore-black.html
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak erramun mendibelandaren sei grabaturekin zoriontzen ditu Gabonak

Duela hiru urte ekindako bideari jarraituz, urte berri on opatzeko euskal artisten lana erabiliko du aurtengoan ere Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.
2015 urtetik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak urtero euskal artisten obrarekin zoriontzen ditu eguberriak. Oraingo honetan erramun mendibelanda artistak La Taller lantegi eta grabatu-galeriaren eskutik egindako sei grabatu originalekin egin du.
erramun mendibelanda margolaria, grabatzailea, ilustratzailea, kartelgilea eta pintura-irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean. Erakusketa ugari egin ditu bakarka eta modu kolektiboan artista gisa daramatzan hiru hamarkada baino gehiagotan. Sari eta aintzatespen asko jaso ditu; horien artean nabarmenena 2008ko Grabatuaren Lehen Sari Nazionala da.
Testu honen bidez, mendibelandak grabatu-serie hau deskribatu du:
Hauskortasuna: ez gatoz margotzera, sentitzera baizik. Falta, gabezia, oroimenera sarbidea. Oroimenean pentsatzea, berreskuratu ezin dena berreskuratzea. Forma luzangen bertigoa eta emozioa.
Erorialdi luzean jatorrira iristen gara. Erorialdia berdean, erorialdia gastatutako gonaren gris ilunean. Horren azpian zegoen guztia. Ustez ezagutzen ez zenuen maremagnum HANDI hori guztia. Zurekin eraman duzu beti: marra zuzenaren hipersentikortasuna da. Garbia, argia eta posible den guztitik haratago gelditua. Dena da haratago. Wim Mertensek ekartzen dizu, berriz, piano hura, ia usteldutako egurrezko eskola garden ezin zaharrago hartan zegoena. Han ikasi zuen zure amak idazten. Orain zure ondoko ikasmahaian dago eserita. Tintontzi bereko tinta. Hauskortasuna eta hipersentikortasuna. Aintzakotzat hartu behar da, zaindu eta bere musika entzun…
Gal zaitez, erretira zaitez, eror zaitez uzkurtuta eta egin ezazu negar. Ez iezaiozu negar egiteari utzi eta senak bisitatuko zaitu itzal baten gisan. Paperaren testura zimurtsua igurtziz. Dei egin dizu. Erakarri egiten zaitu. Orbana pintura gaineko zure txistua da. Zaurian arnasten duzu.
Grabatuak serigrafia bidez egin dira harri-kartoian, 1 mm-eko lodieraduna eta 17,5 x 11,3 cm-ko neurriduna. Grabatu bakoitzaren 1000 aleko edizioa egin da, guztiak artistak sinatuak eta 1etik 1000ra zenbakituak.
Grabatu hauek gehitzen zazkie 2015, 2016 eta 2017an, hurrenez hurren, Orkestrak zorion-agurrean erabilitako Marta Cárdenasen, Zuhar Iruretagoienaren eta Jeleton taldearen lanei.
Zorionak eta Urte Berri On!
Ikusi, 14 urte Euskadiko Orkestra Sinfonikoa babesten

Gaur goizean sinatu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan Ikusiren eta Orkestraren arteko babes-hitzarmenaren luzapena.
Ikusi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren arteko kolaborazioa 2005 urtetik garatu da, eta urtebete gehiagoz zabaldu da gaur Orkestraren Miramongo egoitzan.
Denboraldi honetan Ikusik babestuko duen kontzertua maiatzaren 24an izango da Kursaal Auditoriumean. Orkestraren Zuzendari Titularrak, Robert Treviñok, Heriotza jauregian izeneko programa zuzenduko du, Elgarren 2. Sinfonia eta Dvoraken Biolontxelorako kontzertua barne hartuko dituena. Pablo Ferrández biolontxelojolea izango da solista gonbidatua.
Quintetto Grazioso izango da larunbat honetan urteko azken Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hainbat kidek osatzen duten boskoteak Félicien Daviden ‘Lau urtaroak’ obraren hautaketa bat interpretatuko du abenduaren 15ean Orkestraren Miramongo egoitzan.
Larunbat honetan, abenduak 15, 11:00etan, Miramongo Matinéeen urteko azken hitzordua izango da, Quintetto Graziosok eskainiko duena. Taldea Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hainbat kidek osatzen dute: Mikel Ibáñez (biolina), Ricardo Ruiz (biolina), Pawel Krymer (biola), Flore Lefevre (biolontxeloa) eta Pierre Torrent (kontrabaxua).
Matinéearen programa Félicien David konpositore frantsesak Lau urtaroak izenburupean bildu zituen piezetako batzuez osatuko da. Quintetto Graziosoko kideen hitzetan, David “gaur egun bidegabeki ahaztua izan den konpositorea da”. Aitzitik, oso ezaguna izan zen bere bizialdian, Desertua izeneko lanari esker, izan ere, Egiptora egindako bidaia baten ostean idatzitako kantata moduko honek Hector Berliozen laudorioak jaso baitzituen.
Lau urtaroak osatzen dituzten 24 hari-boskoteak askozaz asmo txikiagokoak dira. Jules Armingaud biolinjoleak bere etxean antolatutako ganbera-musika gau batzuen testuinguruan sortu ziren. 1842an Armingaudek Félicien David bere lagunari erronka gisa jarri zion ostegunero partitura berri bat ekartzea. Musikagileak baiezkoa eman zion joko horri eta 1844ra arte kontrabaxudun 24 boskote labur idatzi zituen, eta garai hartako instrumentujole onenek interpretatu zituzten. Urtaro bakoitzerako Davidek sei Soirée sortu zituen, bestela esanda, sei partitura pieza bakarrean, guztira bost eta hamar minutu bitartekoak.
Izenburuak gai zehatz bati erreferentzia egiten diola dirudien arren, pieza hauek ez dira deskriptiboegiak, Vivaldiren Lau urtaro ezagunak ez bezala. Daviden obraren interes nagusia bere idazkera sortzaile eta berritzailean datza, adierazteko modu dotorean, batzuetan arin edo malenkoniatsua, handinahikeria estilistikorik gabea.
1845ean Félicien Davidek Mendelssohni bisita egin zion Frankfurten eta hau txundituta geratu zen obra ezagutzean. Partiturak 1845 eta 1846 bitartean argitaratu ziren lau emanalditan, “Urtaro” bakoitzaren araberako serieetan: Udaberriko arratsak, Udako arratsak, Udazkeneko arratsak eta Neguko arratsak.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Europako erdiguneko bira arrakastatsua txalo artean amaitu da Bregenzen

Robert Treviño: “Oso harro nago Orkestraz eta bira honetaz, kalitate oso altuarekin aurkeztu gara eta horrek erakusten du zein momentu artistiko onean gauden”.
Municheko Herkulessaaletik pasa ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Austriara itzuli zen, eta Konstantza lakuaren ertzera bertaratu zen, Bregenz hirira. Bertan eskaini zuen larunbatean Orkestrak bira honetako hirugarren eta azken kontzertua Festspielhausen, kultur jarduera handia duen hiri austriarreko aretoan. 1.600 lagunentzako tokia dago entzunaretoan, baina txiki geratu zen euskal orkestrarentzat. Kultur zentro hau bereziki ezaguna da udako musika klasiko Jaialdiagatik, Europako laku-eszenatoki handienean gertatzen dena, eta 7.000 lagunentzako harmaila ikusgarria duena.
Kontuan hartuz Bregenz konkistatzeko eremu berri bat zela, Orkestrak kartarik onena gordea zuen: Vadim Gluzman sona handiko biolinjolearen eskutik Prokofieven Biolinerako 2. kontzertuaren interpretazioa. Orkestra kontzertu-egitarau handi batekin (Sorozabal, Prokofiev eta Mahler) eta garrantzia handiko bi solistarekin aurkeztu zen: Mojca Erdmann sopranoa, kontzertu guztietan ondoan izan duguna, eta arestian aipatutako Vadim Gluzman. Hori guztia Orkestraren titularrak zuzenduta, Robert Treviñok.
Berriz ere Pablo Sorozabal euskal konpositorearekin ireki genuen kontzertua. Bere Zazpi Liederretako hiru abestu zituen Erdmann sopranoak, eta publikoarentzat sorpresa bikaina izateaz gain, oso modu koherentea da bira honetako eszenatokietan aurkezteko. Izan ere, Sorozabalek Leipzigen idatzi baitzuen obra hau 20ko hamarkadan, eta Alemaniako eta Erdialdeko Europako kulturaren zale zen bera. Azken egunotan kontatu dugun moduan, Sorozabal programan eramateak argi uzten du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak euskal kulturaren enbaxadore-paperarekin duen konpromisoa. Eta hala egin zuen larunbatean ere, Heinrich Heine poeta alemaniarrak aurretik idatzitako eta ondoren euskarara itzulitako poemak ezagutzera emanez, Sorozabalen musikarekin, euskal erritmo eta doinuz josia.
Vadim Gluzmanek hartu zuen lekukoa Prokofiev interpretatzeko. Biolinjole israeldarra oso ezaguna da mundu osoan bere emanaldiengatik, beti itzal handiko zuzendariekin egiten dituenak, eta lehen mailako orkestrez inguratuta. Horregatik oso garrantzitsua da azpimarratzea larunbat goizeko entsegua hasi bezain pronto Treviño Maisuari esan izana “orkestra oso ona” zuela; ondoren urrunago joan zen esanez “Espainiako onena eta Europako onenetakoa” zela. 1935ean Madrilen estreinatu zen Prokofieven partitura konplexua maisutasunez, dotoreziaz eta bertutez interpretatu zuen Vadim Gluzmanek, berak bakarrik dakien moduan. Biolinjoleak orain dela gutxi elkarrizketa batean adierazi zuen berarentzat musikari izatearen gauzarik garrantzitsuena dela “gai izatea gure emozio, pentsamendu eta esperientziak soinuaren bidez helarazteko”. Eta publikoaren erantzunari erreparatuta, argi dago Gluzman oso urrun iritsi zela eta barruraino sartu zela publikoaren erraietan. Hori bai, eutsi egin zion bisik eman gabe.
Bigarren zatian, biraren gainontzeko partean bezalaxe, Orkestra Mahlerren Laugarren sinfonian zentratu zen. Treviñok dena eman zuen eta Orkestrari beste interpretazio bikain bat atera zion, publikoak asko txalotu zuena. Ondoren bisak iritsi ziren, bira honetan ohikoak izan direnak: R. Straussen ‘Morgen’ Mojca Erdmannekin eta G. Gimenez sevillarraren La Boda de Luis Alonsoren ‘Intermezzo’-a. Kontzertuak bi ordu eta erdi iraun zuen.
Europako erdigunera egindako bira amaitu da
Hiru kontzertu izan dira guztira, bi Austrian (Linz eta Bregenz) eta bat Municheko Herkulessaal areto enblematikoan, guztiak tradizio musikal handiko eszenatokiak. Orkestrak uneoro uztartu ditu euskal musika (Aita Donostia eta Sorozabal) eta unibertsala (Elgar, Prokofiev eta Mahler), zailtasun handiko obrak, eta konpromiso handia eskatzen dutenak. Horregatik, lanpetuta eduki gaituen bira honen ostean, zuzendari nagusi Oriol Roch eta zuzendari titular Robert Treviño Orkestra osoari zuzendu ziren goizeko entseguan: “Zorionak Orkestra guztiko kideei egin duzuen lanagatik; oso harro gaude erakutsi duzuen mailaz. Kalitate altua erakutsi dugu uneoro eta horrek baieztatu egin du momentu artistiko oso garrantzitsu batean aurkitzen garela”. Oriol Rochek dagoeneko iragarri du bira berriak egiteko lanean ari dela Orkestra.
Euskal konkista Municheko Herkulessaalen

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Municheko Herkulessaal prestigioduneko eszenatokira igo zen konfiantza, energia eta irmotasun osoz. Emanaldia gogobetegarria izan zen, eta Orkestra garaile atera zen. “Uste dut jendea sinetsi ezinik dagoela Orkestra hau zeinen bikaina den”, adierazi zuen Robert Treviñok.
Munichi buruz
Mundu osoan ezagunak diren hiru orkestra sinfoniko handi daude Munichen, baita hiru ganbera-orkestra eta lau kontzertu-areto ere, ia 6.000 eserlekurekin. Horrek bakarrik argi uzten du zein itzal handikoa den Europako erdiguneko hiri hau musika klasikoaren alorrean. Hortaz, bere programazio aberatsaren harresietan barrena sartu izana bere horretan mugarri garrantzitsua da ‘Baskisches Nationalorchester’-arentzat. Eta gainera, konplexurik gabe egin du, bere euskal sustraiak (Sorozabalen lanarekin) eta bi konpositore unibertsalen lanak (Elgar eta Mahler) uztartzen dituen asmo handiko programa batekin. Horrek, zalantzarik gabe, publikoaren eta hedabideen interesa piztu du. Municheko Herkulessaaleko atzoko kontzertuan Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren interpretazioa bikaina izan zen, Orkestra gorenean uzterainokoa.
Hasteko, Sorozabal
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak geneetan darama euskal kulturaren enbaxadore-rola betetzea eta, zeregin horretan, Municheko kontzertu hau Sorozabalek 1929an Leipzigen idatzi zuen Zazpi lieder obraren hautaketa batekin irekitzea erabaki zuen oraingoan. Seguraski euskal musikagileak ez zukeen sekula imajinatuko bere musika, Heinrich Heineren poemetan inspiratutakoa, euskal erritmo eta modulazioz betea eta euskal kulturako pertsonaia garrantzitsu ugariri eskainitakoa, musika klasikoaren tenpluetako batean interpretatuko zutela. Mojca Erdmann soprano alemaniarra ‘Amesetan’, ‘Lotoren lorak’ eta ‘Ez dot sinisten’ liederrak euskaraz abesten entzun ahal izateak hunkitu egin zituen han bildu zirenetako asko. Horrek baieztatu baino ez zuen egin Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bere musika eta kultura hedatzeko tresna gisa duen balioa. Horren berri eman zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, aretora bertaratu zenak: “txundituta nago aretoa hain beteta ikusteaz”, baita Maisuak txalo-zaparraden ondorioz zazpi aldiz eszenatokira agertu behar izan duela egiaztatzeaz ere. Zupiriak zera ere gaineratu zuen: “Herrialde bezala mundura atera nahi badugu, industria eta ekonomiaz gain, kultura ere esportatu behar da, eta Euskadiko Orkestrak bide horri ekin dio; eredu bihurtu da”. Zupiriak emanaldiaren kalitate altua ere goraipatu zuen.
Ondoren Elgar eta Mahler
Sorozabal jendaurrean aurkeztu ostean, Orkestrak musika unibertsalagoari heldu zion, inguru horietan ezagunagoa den esparru batean. Lehendabizi Orkestrak oso ondo prestatua daramatzan Elgarren Enigma Bariazioak eraman zituen atriletara, Linzen bi gau lehenago egin zuen bezala. Nachrichten austriar egunkariak gure Linzeko kontzertuari eskaini zion kritikan honakoa esan zuen: “Bariaziorik ezagunenean, Nimrod, orkestrak kultura pianistiko liluragarria jorratzen duela nabaritu zen”. Eta ondorio honetara ere iritsi zen austriar egunkaria: “Emanaldia koherentea izan zen, eta Mahlerren Laugarrenaren interpretazioa ere sekulakoa izan zen”.
Hori guztia oinarritzat hartuz, Orkestraren eszenaratzea sendoa eta dudagabea izan zen. Mahlerren Laugarrena konpositore alemaniarraren sinfonia ezagunenetakoa da. Ikusi besterik ez dago azken hamabost egunetan hiru aldiz programatu dutela obra hau Munichen, eta hil honen erdian Municheko Filarmonikoak ere horixe bera egingo duela Valery Gergieven zuzendaritzapean. Bestalde, Robert Treviño nazioarteko karrera intentsua ari da garatzen. Municheko Filarmonikoa areto honetan bertan zuzendu zuen, eta oraindik jendearen oroimenean dago Mahlerren Bosgarrenaren bere interpretazioa. Beraz, Robert Treviñok argi ikusi zuen hasiera-hasieratik Munichen bere Orkestrarekin asmo handiko programa batekin aurkeztu behar zuela. Eta horregatik hautatu zuen Mahler, bere indarra erakusteko, eta bere gaitasun, segurtasun, konbikzio eta energia osoarekin interpretatzeko. Eta hala izan zen emanaldi osoan barrena. Ondo konbinatuta eta Treviñorekin etengabeko konexioan, Mahlerren Laugarrenaren Orkestraren joaldia oso txalotua izan zen; hainbeste, non zazpi aldiz atera baitzen eszenatokira Treviño. Bere aldetik, Mojca Erdmannek, Linzeko gaixoalditik erabat osatuta, bere parte-hartzea burutu zuen, dotorezia eta fintasun osoz adieraziz musikagileak sinfoniaren azken mugimenduan aipatzen dituen plazer zerutarrak. Ezin izan zuen eszenatokia utzi harik eta bi bis eskaini zituen arte: lehenengoa, R. Straussen Azken lau kantak obrako ‘Morgen’; eta, bigarrena, Orkestrarekin bakarrik, Gimenezen La boda de Luis Alonsoren intermezzoa.
Kontzertuaren amaieran Treviño maisua pozez zoratzen zegoen gauak emandako guztiarekin. “Publikoa zoragarria da, Orkestra oso pozik dago, emanaldia bikaina izan da, eta uste dut jendea sinetsi ezinik dagoela Orkestra hau zeinen bikaina den. Oso harro nago guztietaz”, esan zuen.
Kultura sailburu eta Orkestraren Presidente Bingen Zupiriaz gain, kontzertuan izan ziren Municheko kontsul espainola, Francisco Pascual de la Parte; Cervantes Institutuaren ordezkariak; Municheko SPRIren bulegoko zuzendari Maria Sarricolea; eta bertan bizi den euskal komunitateko herritar batzuk. Guztiak geratu ziren txundituta Orkestraren kalitatea egiaztatzeaz, baita Helmut Pauli ere, Herkulessaaleko agendan kontzertua txertatzea lortu duen tokiko programadorea, ohituta dagoena hiriko bizitza musikal intentsu eta sona handikoarekin. “Orkestra hau handienen parean dago, soinua bikaina da eta espero ez genituen Mahlerren koloreak atera ditu; plazerra izan da Orkestra Munichera ekartzea”.
Bira ez da amaitu
Larunbatean berriz itzuliko gara Austriara, oraingoan Bregenzera, Orkestrarentzat lehendabizikoz. Festspielhausen izango dugu entzunareto, Konstantza lakuaren ertzean dagoen 1.600 eserlekuko aretoa, zeinerako sarrera guztiak agortu egin diren dagoeneko. Sorozabal eta Mahlerrekin jarraituko dugu han, eta Vadim Gluzman biolinjole prestigiodunari sarrera emango diogu, Prokofieven 2. Biolinerako kontzertuaren interpretazioarekin. Programa hau ere indartsua izango da, ibilbide luzeko bi solistarekin eta, berriz ere, musika euskalduna eta unibertsala uztartuko ditugu. Larunbatean, abenduak 8, 19:30ean, izango da kontzertua, bira honetarako programatu ditugu hiruetako azkenekoa.
